XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IHARDUERA PROGRAMA - DBHko 2. ZIKLOA

2 iharduera-IBAIARI EGITEN DIOGUNA GEURE BURUARI EGITEN DIOGU

Ibaiertzeko basoaren suntsipenak habitat (urmaelak, ur lasterrak...) eta espezie ugariren galera dakar, gizartea izaera desberdineko hainbat baliabide berritzaile gabe utziz, esaterako elikagaiak, baliabide energetikoak, produktu kimikoak eta sendagaiak.

Hori guztia gure kalterako da. Landare eta animalien aniztasuna, aitzitik, ingurune osasuntsuaren adierazle da. Ingurune hauetan, elikagaiei, sendagaiei eta abarri dagokienez, aukerak zabalak dira.

Ekosistema batean espezie arrotz bat sartzeak, hau da, bertakoa ez den espezie bat sartzeak, desoreka larriak eragin litzake kasu batzuetan. Hori da, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ibaietan karramarro gorriarekin gertatu dena.

Ibaiertzeko basoak ur erreserba naturalak ditugu, urmael naturalak alegia. Ura pilatu eta atxikitzen dute eta iturburu eta akuiferoak medio, pixkanaka-pixkanaka askatzen dute. Ibaiertzeko basoak errespetatuz gero, ez da beharrezkoa horrenbeste urtegi eraikitzea.

Bestalde, ibaien inguruetan hezeguneak ere era daitezke. Hezeguneak, espezie ugariren, batez ere hegaztien, habitata direnez. balio handikoak ditugu. Izan ere, hegazti migratzaile askok bertan elikatu eta ugaltzen dira edota babesa bilatzen dute. Era berean, hegazti hauen bidai luzeetan, atsedenleku ere badira hezeguneak.

1971. urtean nazioarteko konferentzia bat ospatu zen Ramsar-en (Iran), mundu mailan gertatzen ari den hezeguneen etengabeko galera geldiarazteko asmoz.

1992. urtean ospatutako Rio-ko Gailurrean ere, munduko estatu guztiek hezeguneak babes zitzatela proposatu zen, ekologiaren aldetik eta espezie askoren habitat gisa duten garrantzia dela-eta. EAEn, ingurune hauek babes berezia jasotzen dute.

Kutsadura

Abeltzaintza ustiategietako hondakin nagusia materia organikoa da.

Egiazki, materia organikoa (batez ere abereen gorotzak eta gernua) kopuru handian pilatzen da. Baina zenbaitetan, eta zoritxarrez, materia organiko hori gertuen dagoen errekasto edo ibaira isurtzen da zuzenean eta ondorioz, bi fenomeno ematen dira: eutrofizazioa eta ura azidoagoa bilakatzea.

Askoz egokiagoa litzateke hondakinak biltegiratu eta ongarri natural gisa erabiltzea.

Nekazaritza intentsiborako erabiltzen diren substantziek ere, ongarri, plagizida eta herbizidek besteak beste, agente kutsatzaileak izaten dituzte. Substantzia hauek elikagaietara eta uretara heltzen dira eta hauek irensteak kalte larriak eragin litzake osasunean.

Hiri eta herrietako (gure etxeetako) isuri nagusiak materia organikoaren hondakinak, bakterioak (gorozkietakoak) eta xaboiak (gogoan izan xaboi gehienek, nahiz eta ez guztiek, fosfatoak dituztela) dira.

Industriak gero eta ur kopuru handiagoa erabiltzen du fabrikazio prozesuetan.

Hala ere, materialak berriz erabiliz eta birziklatuz gero, ur kopuru handia aurrez daiteke. Esaterako, aluminioa lortzeko mineral metaliko hutsa erabili ordez birziklatutako txatarra erabiliz gero, uraren beharra % 97 murrizten da.